XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ameskeria horiek buruan indar handienean nituen momentu batean nengoelarik eta ordubete pasatxo lanean aritu ondoren, zakurraren zaunka zaratatsuak berriro ere gure lana etetera iritsi ziren.

Lehenengo aldian zaunka haiek jolaserako apetaldiren batetik jaio baziren ere, oraingoan, ohartu ginenez, urduritasun eta gogortasun handiagoz ari zen.

Jupiter berriz abiatu zenean hari muturra lotzeko asmotan, animaliak su eta gar egin zion aurre eta, zulora salto eginez, haserre bizian atzaparrez lurra aztarrikatzen hasi zen.

Denbora gutxi barru bi giza-hezurdura osok osatzen zuten hezur meta bat agertarazi zuen, zeinen artean ikus bait zitezkeen zenbait metalezko botoi eta artile usteldua ziruditen hondakinak.

Aitzurrez emandako bizpahiru kolpek azaleratu zuen aizto espainiar zabal bat eta berriro hondeaketari ekin genionean, hiruzpalau urrezko eta zilarrezko txanpon azalduko ziren argitara.

Azkeneko hauek ikusitakoan, Jupiter pozari eutsi ezinik geratu zen, baina bere nagusiaren aurpegiak etsipen sakonena adierazten zuen aldiz.

Hala ere, aitzurketan jarrai genezala eskatu zigun, eta hitz horiek aipatzea besterik ez zuen egin, estropuzuan aurrekaldera erori nintzenean nire bota-muturra harrotutako lurpean ia ezkutaturik zegoen burdinazko kate-begi handi batean kateaturik.

Kemen eta indar berriekin ekin genion lanari eta ez dut sekula hamar minutu haiek baino egonezin handiagoko unerik jasan.

Nahiko izan genuen unetxo hori (...)